anterior

KALEKAREN 32. EDIZIOAK 21.000 IKUSLE BILDU DITU ASTEBURUAN siguiente

hora 11.07.2022
cerrar

Jaialdiaren berpizkundeak milaka ikusle batu ditu hamalau ikuskizunetan zehar, arrera arrakastatsua lortuz.

Lekittoko Deabruak-en sua, Markeliñe-ren beldurra edota El Gran Dimitri-ren umoreak ikusle kopuru handia erakarri du Lekeitioko kaleetara. Hiru egunetan zehar hamalau proposamen izan ditugu eta, eguraldi onak lagunduta, ikuskizun guztietan ikusle kopuru handia izatea lortu da.

Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren berpizkundea izango zela aurreratzen genuen, azken bi urteetako osasun egoeraren ondorioz sortutako mugen ondoren, eta horrela izan da. Inoiz baino indar handiagoarekin bultzatuta etorri da jaialdia bere 32. edizioa ospatzeko.

Egitarau paregabea aurkeztu da eta ikusleen arrera bikaina izan da. Ikuskizunen izaera anitzaren bidez, arlo eta disziplina desberdinetako kale arteak izan ditugu jaialdian zehar. El extraño caso de la calle Brasov (Troula Animación) eta Glubs (Nacho Vilar Producciones) kalejirak, Carman (Javier Ariza), The Legend (El Gran Dimitri)eta Benditas (El mono habitado) ikuskizunen umorea, We all live in a box (Ambae Company) performance-aren musika eta kutxak, Inkululeko (Kaput), Psike (Markeliñe) eta Akabo! (Cia. Barsanti) ikuskizunek bultzatutako gogoeta, El Gran Final (Bucraá Circus) eta Circus Feria (Bambolea) taldeen zirkua edota Suricata Hoops (La Suricata Circus) eta Agustinne (Cía. Ido Loca) garapenean dauden Scratch ikuskizunak bildu ditu edizio honek. Eta noski, Lekittoko Deabruak taldearen 10 urtez, hamaika sugar piroteknia ikuskizuna ere izan dugu. Lekeitioko taldeak herriko kaleak su eta argiz bete zituen, milaka ikusle batuz. Zalantzarik gabe jaialdi osoan jarraipen handiena izan duen ikuskizunaz hitz egiten ari gara, publikoa irrikan zegoen berriro de Deabruak ikusteko eta, konpainiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, piroteknia ikuskizun paregabea eskaini ziguten. Horrelako egitaraua izanik ez da batere arraroa 21.000 ikusletik gora hartu izana hamalau ikuskizunetan zehar.

Honekin, 32. KALEKAren ateak ixten dira, baina jaialdiak lanean jarraitzen du udazkenean irekiko den deialdi zabala prestatzeko. Gogoratu, urtero bezala, KALEKAn parte hartzen duten proposamen guztiak deialdi ireki baten bidez aukeratzen direla. Aurtengoan 400 proposamenetik gora jaso ziren eta hurrengo edizioan gehiago izatea espero da. Informazio guztia kaleka.eus orrialdean egongo da udazken honetan.

Era berean, KALEKA jaialdiak eskerrak eman nahi dizkie hiru egun hauetan zehar parte hartu duten konpainia, kolektibo, laguntzaile eta, orohar, jaialdi honen parte izan direnei. Edizio hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da.