anterior

32. KALEKA: Kale arteen berpizkundea siguiente

hora 10.06.2022
cerrar

Lekeitiok ikuskizun onenez gozatuko du berriro ere 32. KALEKArekin. Kaleko arteak izango dira gure udalerriko udako protagonista nagusiak, bi urteren ondoren eskualdeko jaialdirik garrantzitsuena berreskuratuko baitute. Kultur ikuskizunen berpizkundea izango da, Lekeitioko Nazioarteko Jaialdia Kale Arteen zaleentzako nahitaezko bisitetako bat bilakatuz.

14 ikuskizun 3 egunetan

Guztira udalerri osoan zehar banatuko diren 14 ikuskizun izango ditugu. Horri esker, ikusleek ekitaldiez gozatzeaz gain, Lekeitioko leku adierazgarrienak eta ezezagunenak ezagutzeko aukera izango dute.

Edizio honetan parte hartuko duten konpainiak eta taldeak Katalunia, Madril, Galizia, Andaluzia, Murtzia eta, noski, Euskal Herritik eratorriak dira. Antzerkia, clownak, piroteknia, malabareak eta gogoeta eragingo duten ikuskizunak izango ditu uztailaren 8, 9 eta 10ean ospatuko den jaialdian.

Gogora dezagun urtero bezala, jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan direla. Guztira 437 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik 12 izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden 2 konpainiaren lanak ere izango ditugu. Hau da, guztira 14 ikuskizunez osatutako jaialdia izango da.

Ofiziala, Scratch eta Blai

Aurreko urteetan ohitura izan den antzera, KALEKAk hiru lan lerro ezberdinduko ditu horretarako sortutako atalekin: KALEKA Ofiziala, KALEKAz Blai eta KALEKA Scratch.

KALEKA Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Aurten El mono habitado, Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita estatu mailako Troula Animaciones, Javier Ariza, Nacho Vilar Producciones, Ambae Company, El Gran Dimitri eta Bucraá Circus.

KALEKA Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Scratch-ek deialdi zabalaren bitartez aurkeztutako proposamenak hartzen ditu bere gain. Edizio honetan 21 eskaera jaso dira eta horietatik 2 izan dira aukeratuak, garapen fase ezberdinetan aurkitzen direlarik eta Bartzelona eta Nafarroatik eratorriak. Aurten Idoloca eta La Suricata Circus konpainien lanak izango ditugu atal honetan.

KALEKAz Blai sekzioak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan Bambolea konpainiaren “Circus Feria” izango dugu. Zirku azoka honek zirkugintzaren alor ezberdinak hartuko ditu bere barnean: Feria jokoak, zirku tailerrak eta ikuskizunak.

KALEKAren 32. edizioa are indartsuago birsortu eta itzuliko da, Lekeitioko txoko guztiak jendez bete eta kaleko arteez berriro gozatzeko aukera emanez.