LEKEITIOKO NAZIOARTEKO KALE ARTEEN JAIALDIA

Kale arteak bizirik daude eta urtetik urtera indar gehiago dute. Habiatik ateratzeko ordua heldu, hegan egin eta erakusleiho berrietara heltzeko unea. Badatoz, gero eta hurbilago daude, zerua zeharkatu eta Lekeitioko kaleetan barrena izango ditugu laster. Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak 33 edizio beteko ditu eta herritar zein bisitariak harrituta utziko dituen egitaraua aurkeztuko da.

Sekzioak

Aurreko urteetan ohitura izan den antzera, KALEKAk hiru lan lerro ezberdinduko ditu horretarako sortutako atalekin: KALEKA Ofiziala, KALEKAz Blai eta KALEKA Scratch.

KALEKA Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu.

KALEKA Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Scratch-ek deialdi zabalaren bitartez aurkeztutako proposamenak hartzen ditu bere gain.

KALEKAz Blai sekzioak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean.