anterior

33. KALEKA: HEGAN EGITEKO GARAIA siguiente

hora 21.06.2023
cerrar

Kale arteak bizirik daude eta urtetik urtera indar gehiago dute. Habiatik ateratzeko ordua heldu da, hegan egin eta erakusleiho berrietara heltzeko unea. Badatoz, gero eta hurbilago daude, zerua zeharkatu eta Lekeitioko kaleetan barrena izango ditugu laster. Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak 33 edizio beteko ditu eta herritar zein bisitariak harrituta utziko dituen egitaraua aurkeztuko da.

11 ikuskizun kale arteak herrian zabaltzeko

Aurtengoan 11 izango dira Lekeitioko kaleetan zehar ikusi ahalko ditugun ikuskizunak, herriko gune esanguratsuenetara zein ezezagunenetara kale arteak eramanez. Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak izango ditugu. Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak. Guzti hauek uztailaren 7, 8 eta 9an ikusi ahalko dira.

Gogora dezagun urtero bezala, jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan direla. Guztira 406 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik 10 izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden konpainia baten lana ere izango digu. Hau da, guztira 11 ikuskizunez osatutako jaialdia izango da.

Ofiziala, Scratch eta Blai

Aurreko urteetan ohitura izan den antzera, KALEKAk hiru lan lerro ezberdinduko ditu horretarako sortutako atalekin: KALEKA Ofiziala, KALEKAz Blai eta KALEKA Scratch.

KALEKA Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Aurten Haatik, Trapu Zaharrak eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita estatu mailako Xa Teatre, Holoqué, David Cebrián, La Tal eta 7 Bubbles. Nazioartekotasuna Portugalgo PIA (Projectos de Intervenção Artística) konpainiak emango dio jaialdiari.

KALEKA Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Scratch-ek deialdi zabalaren bitartez aurkeztutako proposamenak hartzen ditu bere gain. Edizio honetan 25 eskaera jaso dira eta horietatik 1 izan da aukeratua, zehazki Cía Trotamundos bizkaitarrak

KALEKAz Blai sekzioak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan Baychimo konpainiaren “Versos que anidan” izango dugu. Poesia-instalazio honek hitzak ohiko espazioen mugetatik aldenduko ditu, literatura bere idatzizko eta ahozko ingurunetik espazio, ikusmen, gorpuzki eta soinuaren eremura zabaltzea da.

Hauek izango dira aurtengo jaialdia osatuko duten konpainiak, zalantzarik gabe jaialdi anitz eta ikusgarria eskainiko dutenak.