anterior

33. KALEKA HASTEAR DAGO! siguiente

hora 06.07.2023
cerrar

Lekeitiok, berriro ere, kale arteen ikuskizun ederrenak hartuko ditu bere kale eta leku esanguratsuenetan:

  • KALEKA jaialdiaren edizio berriak 11 espektakulu aurkeztuko ditu, nazioarteko konpainia eta kolektiboen parte hartzearekin.
  • 406 ikuskizun aurkeztu ziren deialdi zabal baten bidez, horietatik hamaika izan dira jaialdirako aukeratuak.
  • Jaialdia uztailaren 7, 8 eta 9an zehar antolatuko da.


KALEKAk 33 edizio beteko ditu aurten, eta erakusleiho bikaina eskainiko die jaialdiaren parte izateko aukeratuak izan diren 11 ikuskizunei.

Kale arteak inoiz baino biziago daude eta urtetik urtera indar gehiago dute. Ikusleak gogotsu daude uda honetan ere ikuskizun ederrenak gure udalerrian jasotzeko. Zalantzarik gabe, KALEKA inguruotako jaialdi erreferente bat bilakatu da azken urteetan eta ikusleak horren jakitun dira. Aurten ere asko izango dira uztailean Lekeitiora hurbilduko direnak jaialdiaz gozatzera, udalerria ezagutu eta emozioz betetako asteburua bizitzera.

11 ikuskizun kale arteak herrian zabaltzeko
Aurtengoan 11 izango dira Lekeitioko kaleetan zehar ikusi ahalko ditugun Ikuskizunak, herriko gune esanguratsuenetara zein ezezagunenetara kale arteak eramanez. Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak izango ditugu. Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak. Guzti hauek uztailaren 7, 8 eta 9an ikusi ahalko dira.

Gogora dezagun urtero bezala, jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan direla. Guztira 406 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik 10 izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden konpainia baten lana ere izango digu. Hau da, guztira 11 ikuskizunez osatutako jaialdia izango da.

Ofiziala, Scratch eta Blai
Aurreko urteetan ohitura izan den antzera, KALEKAk hiru lan lerro ezberdinduko ditu horretarako sortutako atalekin: KALEKA Ofiziala, KALEKAz Blai eta KALEKA Scratch.

KALEKA Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Aurten Haatik, Trapu Zaharrak eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita estatu mailako Xa Teatre, Holoqué, David Cebrián, La Tal eta 7 Bubbles. Nazioartekotasuna Portugalgo PIA (Projectos de Intervenção Artística) konpainiak emango dio jaialdiari.

KALEKA Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Scratch-ek deialdi zabalaren bitartez aurkeztutako proposamenak hartzen ditu bere gain. Edizio honetan 25 eskaera jaso dira eta horietatik 1 izan da aukeratua, zehazki Cía Trotamundos bizkaitarrak.

KALEKAz Blai sekzioak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan Baychimo konpainiaren “Versos que anidan” izango dugu. Poesia-instalazio honek hitzak ohiko espazioen mugetatik aldenduko ditu, literatura bere idatzizko eta ahozko ingurunetik espazio, ikusmen, gorpuzki eta soinuaren eremura zabaltzea da.

Hauek izango dira aurtengo jaialdia osatuko duten konpainiak, zalantzarik gabe jaialdi anitz eta ikusgarria eskainiko dutenak.