anterior

32. KALEKA: sugarretatik berpizkundera siguiente

hora 24.06.2022
cerrar

Aurtengo jaialdia oso berezia izango da. Azken bi urteetako ezohiko egoerak sortutako sugarretatik piztu eta berpiztu egingo da Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Muga guztiak gainditu eta ikuskizunek herriko kaleak hartuko dituzte.

Eta zer hobeto berpizteko KALEKAk jaiotzen ikusi zuen Lekittoko Deabruak taldea baino? 10 urte betetzen ditu konpainiak eta su eta argiz betetako jaia eskainiko digute. Zalantzarik gabe aurtengo edizioan ikusi ahalko dugun ikuskizun ederrenatakoa izango da. Lekittoko Deabruek jaialdiaren sugarrak piztu, ikusleak suaren berotasunez inguratu eta denbora luzean ahaztuko ez dugun ikuskizuna eskainiko digute.

KALEKA jaialdiak Lekittoko Deabruakin hainbat ikuskizun hartu ditu urteetan zehar, bata bestea baino ederragoa. Hori dela eta, aurtengoa oraindik bereziagoa izatea espero da.

10 urtez, hamaika sugar

Urte guzti hauetan hainbat ikuskizun sortu dituzte: Mingorri, Akelarre, Anabasa, DKDance edota Deabruak gara. Urteurren berezi hau ospatzeko ikuskizun denak gau bakarrean bateratuko dituzte, su eta argi espektakulu erraldoi bat eskainiz. Gainera, “10 urtez, hamaika sugar” izeneko ikuskizunean ez dira bakarrik egongo, 30 urte bete dituzten Diables de Riudoms taldea ere gonbidatuko dute bertara.

Talde lekeitiarra sortu zenetik ehun ikuskizunetik gora eskaini dituzte eta, haien ibilbidea borobiltzeko, 2012an jaiotzen ikusi zituen lekuan ospatuko dute hamargarren urteurrena. Zalantzarik gabe harrituta utziko gaituen gau zoragarria eskainiz.

3 egun, 14 ikuskizun

Uztailaren 8, 9 eta 10ean ospatuko den KALEKA jaialdiak 14 ikuskizun aurkeztuko ditu. Zeintzuk diren ezagutu nahi? Ezagutu egitarau osoa kaleka.eus orrialdean!