anterior

21.000 IKUSLE BAINO GEHIAGO BILDU DITU KALEKAREN 33. EDIZIOAK siguiente

hora 10.07.2023
cerrar

“Hegan egiteko garaia” lemapean Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia goi mailako ikuskizunen erakusleiho bihurtu da asteburuan zehar.

Sua, argia, umorea, kalejirak edota sormena eta gogoeta bultzatu duten hamaika ikuskizunek bete dute aurtengo KALEKAren egitaraua. Lekeitioko kaleak kolorez jantzi dira uztailaren 7, 8 eta 9an, ikusle kopuru handia erakarriz. Eguraldi onak lagunduta, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia erakusleiho bikaina bilakatu da kale arteak bultzatzen dituzten konpainia, kolektibo eta artistentzako. Jaialdiak oihartzun handia lortu du urte guzti hauetan, eta aurtengoan ez da gutxiago izan. Goi mailako egitarau anitza aurkeztu du KALEKAk, eta, hortaz, ez da harritzekoa 21.000 ikusletik gora hartu izana hamaika ikuskizunetan zehar.

33. edizio honek Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herritik etorritako artistak bildu ditu. Eta azken hauei keinu berezia egin nahi izan zaie aurtengo leloarekin: “Hegan egiteko garaia”. Argi dago Euskal Herriko konpainia eta kolektiboak asko hazi direla azken urteetan, goi mailako ikuskizunak aurkezteko gai dira, eta hemen zein atzerriko jaialdietan haien lanak ikus ditzakegu. Aurtengoan lau izan dira KALEKAren egitarauan parte hartu duten euskal konpainiak: Cía Trotamundos (Finito.Infinit@), Haatik (Ur), Trapu Zaharra (Mesede bat egitearren) eta, noski Lekittoko Deabruak (Mingorri). Aipamen berezia egin behar zaio konpainia lekittarrak izandako bilakaerari. 11 urte bete ditu Lekittoko Deabruak, eta urte guzti hauetan egindako lanaren fruitua nabarmena da. Konpainia ikusgarri, berritzaile eta bakarra bilatuko dira, eta horren erakusgarri dugu aurten aurkezteko “Mingorri”. Konpainia lekeitiarrak handi izateko xedea duela argi utzi du milaka pertsona batu dituen piroteknia ikuskizun erraldoi batekin.

Era berean, estatu mailako konpainiak ere batu ditu KALEKAk, besteak beste, gogoeta eta umorea batu dituen Cía Xa Teatre-ren “Grands” kalejira; erloju baten barne bizitza kontatu digun Cía La Tal-en “Carrilló” clown ikuskizuna; poesia eta xarmaz inguratuta egon den Baychimo Teatro-ren “Versos que anidan” instalakuntza; musika, dantza eta maitasun istorioa kontatu digun Holoqué taldearen “La Caixeta”; Bainugela baten bizi den auzokide baten kontakizuna David Cebrián-en “WC”-ren eskutik; 7 Bubbles konpainiaren “Menina” poesia kalejira; Jaialdiaren nazioartekotasuna portugalgo PIA (Projectos de Intervenção Artística) konpainiaren eskutik etorri da, “Oxígeno” ikuskizunarekin.

33. KALEKAk ate eta xede berriak ireki ditu, orain ordea, hurrengo edizioaz prestatzen hasteko ordua da udazkenean irekiko den deialdi zabalaren bidez. Gogoratu, urtero bezala, KALEKAn parte hartzen duten proposamen guztiak deialdi ireki baten bidez aukeratzen direla. Aurtengoan 400 proposamenetik gora jaso ziren eta hurrengo edizioan gehiago izatea espero da. Informazio guztia kaleka.eus orrialdean egongo da udazken honetan.

Era berean, KALEKA jaialdiak eskerrak eman nahi dizkie hiru egun hauetan zehar parte hartu duten konpainia, kolektibo, laguntzaile eta, orohar, jaialdi honen parte izan direnei. Edizio hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da.